XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizarte-gertakari guztiak integraturik daude hizkuntz artikulazioan eta beren gain hartzen dute beren zentzuaren zama guztia;

baina gure gizarteak naturaltasun osoz lengoaia hartzen duenez gero beste gauza batzuez gizarte-objetuez hitz egiteko tresna gisa, horiek ere natural itxura hartzen dute, eta berehalaxe gertatzen da mezuaren endekatzea, zeinak ideologikoa delarik, naturala dirudien.

Semiologiak aurkitzen du gertakari-sistema soil gisa irakurri eta kontsumitzen dena izatez balio-sistema bat dela.

Berrogeita hamar eta hirurogeigarren hamarkadetan, Barthes-ek erreminta legez hartu zuen analisi estrukturala gizarte-kritika bat burutzeko, Modaren sistema (1967) obran egin zuenez jantzi idatziarekin.

Urte horietan beretan, literaturari aplikatzen hasten da Racine-z (1963) obran, non raciniar tragedia hondo batean: historian, narrazioan gertatzen den unitate (figura)-sistema batera murrizten duen.

Kritika berri hori jeinu nazional frantsesaren ordezkarietako baten analisiari aplikatzean, Raymond Picard-ek ordezkaturiko kritika akademikoaren arbuioa eragin zuen Kritika berria ala iruzur berria? obran.

Barthes-en erantzunak Kritika eta egia (1966) obran nouvelle critiquearen printzipio teorikoak argitzen ditu: lengoaiaren izaera sinbolikoa literaturaren zientzia orokorrean nagusi; subjetua hutsarte edo ausentzia bat da, zeinaren inguruan zentzua zabaltzen den; kritika idazkuntza bihurtzen da, eta irakurleak zeregin aktiboa hartzen du.

Urte horretan bertan idatzi zuen Erlatoen analisi estrukturalerako sarrera, eta bertan, narratologiaren (Greimas) azterketen ildotik, Barthes-ek bere bertsio propioa eskaintzen du eta hiru maila horizontal bereizten ditu narrazio-obran: funtzioak, egintzak eta narrazioa.